XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ZUTZAZ GALDEZKA

Ene begiak itxuturik, ene belarriak gogorturik, ene biotza itxirik arkitzean, ez da gauz asko sentitzeko itxaropenik.

Gauz uts bat, otza, illa geratzen dala esango genduke era ortako gizona.

Gertakizun gogorra, errealidade minkatza ordea, auxen da: ez gaudela illak bizirik baizik.

Bizirik, arnasa daukagulako orindik noski; baiñan ekintzetarako, jokabideetan eta erabakiak lortzeko il xamarrak ez ote gauden kezkaturik nago.

Ludi materialista alde batetik: konsumoko gizartea, telebistak, kirol leiaketak, emakumeak, beribil berriak.

Bestetik, kapitalismoa ta ezjakintasuna, liburu eta itzaldieri uko egin bearra, irakaskintzaren urritasuna, aukera desberdiñak eta abar.

Oiek dire geien gizona iltzen duten arazoak.

XX gizaldian, gizona gizonagoa izan bear luken garaian, konputadorak, berebillak, tresnak eta makiñak dute leku bereziena.

Golda Meier Israel`ko lenen ministroak auxe esaten zun aldizkari batean: Garrantzi aundiko lekuak osatzen dituzten gizonak, kritikak jasotzeko, prestu egon bear dute.

Leku urrutian geratzen dira itz oiek ordea.

Gizona ez ote da kaxkarregia, edo asieran esan detan bezela, ez ote dago illegia, kritika bat zuzentzeko, galdera ximple bat egiteko?.

Zuri galdetzen dizut.

Lantegian arnasa, arnas zikiña gaiñera, artzen dezun gizon orri, futbol zelaieten edo emakumeetan ibiltzen zeran orri, telebistan ordu galduak igarotzen dituzun orri, agintzea gustatzen zaizun orri, diruak menderatzen zaitun orri, berebil berria edukitzea dela bizitzea uste dezun orri, zuri galdetzen dizut.

Zer eskatuko zenduke, bizitza sendoago bat eramateko?.

Ez nauzu erantzungo bear bada, apika ilda zaude.

Arnasten dezula bakarrik dakizu.

Zure erantzuna bear ba`da auxe izango litzake, gauz batzuetaz galtzen, aztuten joango ziñala, pixka bat bastertzen emakume zaletasuna, kirol egarria, diru giroa, agindu naia, berebilla etxean utzi eta mendi aldera joan noizik bein beintzat.

Orduan gerta liteke, zer arnasten ari zeran jakitea.

Iñoiz entzun izan oi dut, gizonak galduaz ikasten duala.

Ta zuretzat atsegiña ez ezik bearrezkoa izango litzaizuke gauz batzuk galtzea.

Gaur goizean, txorien kanten ordez, ola bateko soiñu eta ke zikiñakin esnatu naizenean, zutzaz gogoratu naiz ta galdezka asi naiz.

Barkatu aski ausarta izan ba`naiz.

RAMON ZAPIRAIN.